Gipuzkoako Barne Diseinatzaileen Elkargo Ofizialeko historia


Esan ohi da interiorismoa Paleolitikoaren gizakia bizi zen kobazuloetako hormak apaintzen hasi zenean sortu zela. Gaur egungo Gipuzkoako lurraldean, beraz, lehenengo interioristek euren lanen lekukoa utzi zuten Ekain, Lezetxiki, Altxerri, Praileaitz… kobazuloetan.

Ordutik, interiorismoa gizartearen eta bizimoduen bilakaerarekiko modu paraleloan garatzen joan da. Etxe erromatarrak, Erdi Aroko dorre-etxeak, Berpizkundeko oinetxeak, belaunaldien zehar eraldatutako baserriak, Amerikarekin merkataritza-jardueretan ibiltzen ziren establezimenduak, Belle Epoque garaiaren eklosioa (hotelak, bainu-etxeak, udako egoitzak, kasinoak, antzokiak), horiek guztiek interioristen ideien zigilua daramate aipatutako eremuetan bizi, amets egin, sortu, disfrutatu edo lan egiten zutenekiko etengabeko egokitzapenean.

Gaur egun interiorismoa ezagunagoa da, eta ia etxe eta negozio lokal guztietan sartu da. Gune bat egokitu behar dutenean, gutxi dira, erabakiak hartu baino lehen, hura antolatzeko aukera desberdinak, funtzionalitateak, orientazioa, argia, altzarien eta objektuen antolamendua, etab. aztertzen ez dituztenak.

XX. mendera arte zehaztu gabeko mugak zituen interioristaren figura (arkitekto, margolari, eskultore, artisau eta baita joeren sortzailearen arteko nahasketa baitzen) zehaztuz eta instituzionalizatuz joan da, eta ondorioz, aipatutako mendearen bigarren erdialdetik aurrera eta gure inguruan, hezkuntza saileko agintariek titulazio zehatz bat sortu dute, eduki eraikitzaile eta estetikoekin. Horrek dagoeneko erabat definituta dauden ezaugarridun ogibide bat konfiguratu du.

Hura konfiguratu berri izatearen eraginez, beteranoagoak diren beste ogibideak ez bezala (esaterako 1929. Urtean sortu zen Arkitektoen Elkargoa), interioristek 1972. urtera arte ez dute berezko Elkargorik izan, hasierako izena Dekoratzaileen Elkargo Nazionala zuela.

La Elkargo Nazionalaren sorrerarekin batera hasi ziren bere Lurralde Ordezkaritzak funtzionatzen. Ezarri zen lehenengoenetariko bat Gipuzkoakoa izan zen, egoitza Donostiako San Martin kalean zuela. Ordezkaritza hauek, pixkanaka erakunde estatalekiko autonomia eskuratzen joan ziren, praktikan funtzionamendu independentea lortzera iritsiz. Elkargo Nazionalak funtzionamendu horri laguntzen zio, uste baitzuen deszentralizazioa nahitaezkoa zela elkargoen zerbitzuak eraginkorrak izateko, profesionalei zein bezeroei zegokienez.

Elkargo Profesionalei buruzko 13.2.74 lege estatalarekin, ondoren sortu ziren Autonomia Erkidegoekin, eta Eusko Legebiltzarrak 97.11.21ean Euskal Herriko Elkargo eta Kontseilu Profesionalei buruzko Legea onestearekin, konfiguratu da, ziur aski, behin betiko izango den Gipuzkoako antolamendu profesionalaren esparrua. Dagoeneko araubide autonomikoa zuen haren Elkargoa, Arabakoarekin eta Bizkaikoarekin batera, eratu zen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Antolamendu Sailaren eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen Sailaren abenduaren 15eko 378/1998 Dekretuaren bidez.